Eusko Jaurlaritzak Ezkio-Itsasoko eta Astigarragako tren geltokien eraikuntza proiektuak esleitu ditu

Argi berdea Donostiako abiadura handiko geltoki berriaren eraikuntza proiektuari
June 14, 2018

Eusko Jaurlaritzak Ezkio-Itsasoko eta Astigarragako tren geltokien eraikuntza proiektuak esleitu ditu

Euskal Y-aren  Ezkio-Itsasoko geltoki proiektuak trenbide arloko jarduketa osatuko du, trenbideko trafikoa antolatuko duen aparkatzeko eta trenak aurreratzeko postuarekin

Astigarragako aldirietako geltokira sartzeko igarobideek Urumea ibaia eta eraikiko diren  Euskal Y-aren  trenbideak gainditu beharko dituzte

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, Ezkio-Itsasoko eta Astigarragako tren geltokien eraikuntza proiektuen idazketa esleitu du, Sustapen Ministerioaren agindua betez. Parte hartu duten hiru eskaintzak aztertu ondoren, ETSk TYPSA ingeniaritza etxeari agindu dio Euskal Y-aren Ezkio-Itsasoko geltokirako terminala. Aurrekontua 108.000 eurokoa izango da, eta egikaritze epealdia sei hilabetekoa.

Geltokia hartuko duen eraikina, trenak aparkatzeko eta aurreratzeko toki horretan aurreikusirik dagoen postuaren estruktura orokorrean integraturik egon beharko da. Bidaiarientzako geltoki berriak, lokal teknikoak eta ustiapenekoak jasoko dituen atari nagusia izango du, eta bertatik egongo da sarbidea Ezkio-Itsaso / Ezkio-Itsaso tarteko obraren barruan dagoeneko gauzatuta dauden nasetara. Nasak 410 metro dira luze eta bost metro zabal.

Azterlanak ingurunearen urbanizazioa eta eraikiko den geltokirako sarbideak ere definitu beharko ditu. Lan horien barruan, Zumarraga eta Ezkio lotzen dituen GI-3351 errepidetik egiten den sarbidea eta autobusak, taxiak eta ibilgailu partikularrak aparkatzeko zabalgunea egokitzeko lanak sartuko dira.

Ezkio-Itsasoko geltokiak duen garrantzia, bidaiariei eskainiko zaien zerbitzuaz aparte, trenbidearen ikuspuntutik eskainiko dituen aukera logistikoetan egongo da. Horrela, terminalak trenbide gune zabalagoa eta handiagoa izango du, trenen maniobrak egiteko edo aparkatzeko, trenbide bikoitzean zirkulatzeaz gain. Horretarako, trenbide orokorren albo bakoitzean bi bazterbide eraikiko dira, 750 metroko luzera erabilgarriarekin noranzko bakoitzean. Trenbide horiei esker, bidaiarien trenak aparkatu eta merkantzien trenak baztertu ahal izango dira, zirkulazioaren bi noranzkoetan.

Geltokia parte den Ezkio-Itsaso / Ezkio-Itsaso tartea 2.800 metro da luze, eta tarte horretan hiru bide-zubi eraiki dira dagoeneko. Oso-osorik aire zabalean doan Euskal Y-aren segmentu gutxienetakoa da.

Kontratazio mahai berean, euskal trenbide kudeatzaileak Fulcrum eta Anta ingeniaritza enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresen Elkarteari esleitu dio Astigarragako aldirietako geltokiaren eraikuntza proiektuaren idazketa, 123.500 euroren truke, urtebeteko epean egikaritzeko. Gaur egun, Madril-Irun trenak bi geltoki ditu inguru horretan, Hernanin, eta Martutenen (Donostia), eta Astigarraga eta bertako biztanleria, bitartean geratzen dira, baina bietatik nahiko urrun.

Geltokiaren eraikina trenbide gainean altxatuta egongo da. Higiezin horretara oinez baino ezin izango da heldu, nahiko luzeak izango diren igarobideak dituen pasealekutik, izan ere, ekialdean, Astigarragako udalerrian trenbidea eta Urumea ibaia gainditu behar dira eta, mendebaldean, Donostiako udalerrian, ere trenbidea gainditu behar delako.

Eraikuntza proiektuak bidaiarien geltokiko ataria eta banaketa definitu beharko ditu, eta baita aurreikusitako alboko nasetarako sarbidea ere. Horretarako, ingurunearen baldintzak izan beharko dira kontuan, egungo ohiko sarearen paraleloan zirkulatuko duen Hernani-Astigarraga tarteari dagokion abiadura handiko linea, besteak beste. Urumea ibaiaren eraginpeko gunean dagoen geraleku berriaren proiektuak, beharrezkoak diren neurri hidraulikoak eta ingurumenekoak jasoko ditu.

Comments are closed.