Aiz: “Europarako trenbide-lotura eta Gasteiz-Paris trenbide-autobidea izango dira mende honetako elementu logistiko garrantzitsuenak Araban”

Tapiak eta Ábalosek lan egingo dute 2023an euskal Y martxan jartzeko, Atlantikoko korridorearen lehentasunezko gunea osatuz
August 2, 2018
Argi berdea Vitoria-Gasteizen abiadura handiko linea lur azpian sartzeari
January 18, 2019

Aiz: “Europarako trenbide-lotura eta Gasteiz-Paris trenbide-autobidea izango dira mende honetako elementu logistiko garrantzitsuenak Araban”

  • Arabako Merkataritza Ganberak eta Bilboko Portuak antolatutako Logistika Intermodalaren X. Foroan hartu du parte Aizek.

Eusko Jaurlaritzako Garraioko sailburuorde Antonio Aizek gaur goizean Gasteizen ziurtatu du Europarako trenbide-lotura eta Gasteiz-Paris trenbide-autobidea mende honetako elementu logistiko garrantzitsuenak izango direla Arabako lurralde historikoarentzat.

Gasteizen gauzatzen ari diren Euskadiko Logistika Intermodalaren X. Foroan iragarri duenez, laster behin betiko onetsiko da Araba Erdialdeko Lurralde Planaren aldaketa. Horren xedea da Dourges-era arte iritsiko den Gasteiz-Paris trenbide-autobidearen terminala eraikitzeko behar diren lurzoru-erreserbak egitea.

“Garrantzitsua da aipatzea, Espainiako eta Frantziako gobernuen arteko akordio bati esker, Eusko Jaurlaritza Adif eta Sustapen Ministerioarekin batera lanean ari dela Jundizen egongo den terminalaren proiektua egiteko eta etorkizunean hori kudeatzeko. Lan horren emaitza agerikoa da; izan ere, dagoeneko egin da egungo terminala zabaltzeko lehen fasearen lizitazioa. Zabaltze-lan horiei esker, terminala merkantzia-trafikoaren beharretara egokituko da, zeinak gero eta handiagoak baitira euskal Y-a martxan jartzearen ondorioz”, adierazi du Aizek.

Garraioko sailburuordeak adierazi duenez, Sustapen Ministerioak Iberiar penintsulan trenbide-autobideak egiteko azterlan bat gauzatu du; bertan, 25 lotura desberdin aztertu dituzte, eta horiek guztiek izan dezaketen trafikoaren iragarpen bat egin dute. Bada, azterlan horren arabera, Gasteiz-Paris lotura da trafiko gehien izan dezakeena.

“Azterlan horren arabera, Gasteiz-Paris trenbide-autobidea da errentagarritasun ekonomiko handiena izango duena, alde batera utzi gabe zerbitzuak penintsularen hegoalderantz zabaltzeko emango digun ahalmena (Atlantikoko trenbide-korridoretik). Horri horrela, ezinbestekoa da euskal Y-a amaitzea eta Europarekin lotzea”, azaldu du.

Sustapen Ministerioak eginiko txostenaren arabera, egunean 1.443 ibilgailu astunek erabiliko lukete Gasteiz-Paris lotura, eta egunean 1.281 ibilgailu astunek kontrako noranzkoan. Bartzelona-Paris loturak baino ez du gainditzen eguneko 1.000 kamioien iragarpena, baina hala ere Gasteiz-Paris loturaren azpitik gelditzen da. Gainerako loturen trafiko-iragarpena askoz ere baxuagoa da.

Amaitzeko, Aizek esan du lan hauen helburua dela Arabaren eta Euskadiren konexioak, lehiakortasuna eta sare ekonomikoa hobetzea: “Atlantiko osoan lehentasunezko posizio ekonomikoa lortzeko helburua izan behar dugu; eta, hain zuzen, etorkizunean Atlantikoko korridorean ibiliko diren merkantzien bolumen handiak aukera ugari emango dizkio euskal ekonomia osoari”.

Comments are closed.