Aiz sailburuordeak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak 2022rako amaitua izango du Euskal Y-aren eraikuntza Gipuzkoa osoan

Argi berdea Vitoria-Gasteizen abiadura handiko linea lur azpian sartzeari
January 18, 2019

Aiz sailburuordeak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak 2022rako amaitua izango du Euskal Y-aren eraikuntza Gipuzkoa osoan

  • Aizek aurreratu duenez, 2019an amaituko dira une honetan egikaritzen ari diren lau tarteetako lanak, eta denbora gutxi barru esleituko dira duela hilabete batzuk etenik geratu ziren Hernani-Astigarraga tarteko lanak

Antonio Aiz azpiegitura Sailburuak gaur adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak 2022an amaituko ditu Abiadura Handiko Sare Berriaren Plataforma eraikitzeko lanak Gipuzkoa osoan, eta baita aginduan jasotzen diren gainerako proiektuak ere, Atotxako eta Ezkioko geltokiak edo larrialdietarako galeria berriak, besteak beste.

Radio San Sebastián irrati kateko “Hoy por Hoy” saioan elkarrizketatu duten Aizek aurreratu duenez, 2019. urte honetan bertan amaituko dira Antzuola-Ezkio ekialdea, Hernialde-Zizurkil, Zizurkil-Andoain eta Andoain-Hernani tarteetako lanak eta, “martxoan ziurrenez” lizitatuko dira Hernani-Astigarraga tartean egin gabe dauden lanak, duela hilabete batzuk kontratua eten eta gero. “Tarte horretan zailtasunak izan ditugu. Baina dagoeneko amaitu dugu eraikuntza proiektu berria, eta Adifek argi berdea ematen digunean lizitatu ahal izango dugu. Ezkioko geltokiko lanak ere aurten lizitatuko ditugu”.

Aizen iritziz, 2023ko helburura heltzeko ezinbestekoa da “Estatuko administrazio orokorrak atzerapen gehiago ez izatea”, “tramite asko eskatzen dituen obra konplexu” honetan. Sailburuaren iritziz, proiektuaren puntu kritikoa dagoeneko ez da Bergarako bat egite gunea: “Hirietarako sarbidea da. Bilbon eta Gasteizen oraindik onetsi gabe dago informazio azterlana, eta hori dela eta, metaturiko atzerapena garrantzitsua da oraindik”.

Estatuko, Autonomia Erkidegoko, Aldundiko eta tokiko administrazioek sinaturiko hitzarmenean irudikatzen diren Irunerako planei dagokienez, hirirako iraultza izango direla adierazi du: “Trenbideak beti bete izan du oso toki garrantzitsua Irunen, eta orain, helburua, dagoeneko erabiltzen ez diren trenbideko lurrak berreskuratzea da, logikoena Estatuko administrazio nagusiak horien desafekzioa egitea eta itzultzea baita, hiriak hazten jarraitzeko aukera izan dezan. Gu, topoa ahalik eta modurik egokienean integratzen ahaleginduko gara, ahalik eta zerbitzu onena ematen jarraitzeko eta eraldaketa prozesuari laguntzeko”.

Topoa beste gai bati buruz hitz egitean ere aipatu du, 2018an berriro ere marka guztiak gainditu direla gogorarazteko: “eskaria finkatu da, eta Lugaritz-Easo saihesbide proiektua ere finkatu da, zerbitzuan jartzean Donostialdearen eta Gipuzkoaren konektibitatea hobetuko baitu”.

Comments are closed.