La Y vasca

Gaurkotasuna

Garraioa

Alstom buru den partzuergo bati esleitu dizkiote Argentinako lehen AHTaren lanak

2008/01/16

Veloxia, Alstom enpresa buru duen partzuergoak, egingo ditu Buenos Aires - Rosario - Córdoba abiadura handiko trenbideko lanak. Argentinano mota honetako lehen azpiegitura izango da hau. Isolux enpresa espainiarrak eta Iecsa eta Emepa argentinarrek ere hartuko dute parte proiektuan.

Esleitze kontratuan sartu dituzte trenbidea eraikitzea, elektrifikazio lanak, seinaleak eta komunikazioa prestatzea, baita bertan ibiliko diren trenak prestatzea ere. Horren guztiaren gastua 1.500 milioi dolarrekoa (1.000 milioi eurokoa) dela aurreikusi dute. Baina, Argentinako Gobernuaren arabera, eraikuntza prozesuan 5.000 lanpostu zuzen eta 20.000 zeharkako sortuko dira.

Lanak amaitutakoa Buenos Aires eta Córdoba arteko bidaia hiru ordu baino gutxiagoan egin ahal izango da; gaur egun 14 ordu behar dira horretarako. Trenbidea 710 kilometro luze izango da eta bi zatitan banatuko da: Buenos Aires - Rosario eta Rosario - Córdoba.

Egunean hiru tren pasako dira bide horretatik proiektuak jasotzen duenaren arabera. Baliteke bi pisutako trenak izatea eta gehienez 300 kilometro orduko abiadura hartuko dute.

Beste bi trenbideren proiektuak dituzte esku artean Argentinan: Buenos Aires - Mar de Plata eta Buenos Aires - Mendoza.

© Eskubide guztiak erreserbatuta