Garraioa
Europa eta Asia artean merkantziak garraiatzeko tren ibilbide nagusia ireki dute
2008/02/06
Deutsche Bahn Alemaniako tren konpainiak Pekin eta Hanburgo artean merkantziak trenez garraiatu ditu, hamabost eguneko denbora tartean. Hanburgora lehen trena iritsita,orain arte egitasmoa baino ez zen merkantzia ibilbide hori gauzatu egin da. Ondorioz, 10.000 kilometrotik gorako bide horrek, bi hirion artean merkantziak garraiatzea ahalbidetuko du, Europa eta Asia arteko trenbidez lotzeko bide nagusiak, alegia.
Urtarrilaren 9an tren bat Pekindik atera zen, proba moduan, "Zetaren bide berria" deritzona egiteko eta, Hanburgora hilaren 24an iritsita, aurreikusitako epea bete zuen. Bide bera itsasoz egiteko behar den denboraren erdia erabili zuen trenak.
Europar Batasunak merkataritza arloan dituen asmo nagusietako bi gauzatu dira proiektu horrekin: bidaiariak zein merkantziak garraiatzeko trena bultzatzea, eta Europa eta Asia artean merkataritza-ibilbideak zehaztea, bi kontinenteon artean "zubiak" eraikitzea.
Deutsche Bahn etxeak zuzendutako proiektu honetan ibilbidea igaroko den herrialdeetako sei tren konpainiek hartu dute parte, Txina, Mongolia, Errusia, Bielorrusia, Polonia eta Alemania herrialdeetakoek, alegia.
Ireki berri duten ibilbideak hainbat oztopo ditu oraindik, sei herrialdetik igaroko den trenbidea baita. Esate baterako, hainbat zabalerako zatiak daude eta, ondorioz, zama bi alditan aldatu behar izan zuten trenez. Bestetik, trena, 1.000 metro luze izanik, bi zatitan banatu zuten Alemaniara iritsi aurretik, herrialde horretan baimendutako gehienezko luzera 700 metrokoa baita.