La Y vasca

Gaurkotasuna

Garraioa

Liberalizazio prozesua eta Europa mailako trenbidearen eremu bateratuaren sorrera hizketagai Guggenheimen

2008/04/10

"Tren garraioaren eszenatoki berriak" jardunaldi teknikoa egin zen Guggenheim Museoan, trenbidearen alorrean Europak bizi duen liberalizazio prozesuak pertsonen eta salgaien garraiorako zabalduko dituen merkatu eta aukera berriak aztertzeko xedez.

Nuria Lopez de Guereñuk eman zion hasiera EuskoTrenen 25. urteurreneko ospakizunen barruan antolatutako ekitaldiari. Bertan, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailburuak ezinbestekotzat jo zuen "Europan trenbideen eremu bateratua sortzea eta liberalizazio prozesua aurrera eramatea, horrela pertsonen zein salgaien garraiorako aukerak areagotuko egingo baitira".

Zentzu horretan, trenbideak garai batean izan zuen garrantzia berreskuratu nahi badu, hiru erronka nagusiri aurre egin beharko diela adierazi zuen: "batetik, metropoli-barrutietan jendetza handiak garraiatzeko gai izan behar du. Bestetik, iraupen ertain eta luzeko joan-etorrietan bidaiariak batetik bestera eramateko balio behar du, eta, horrekin batera, Europan barrena era guztietako merkantziak garraiatzeko erabilgarri izan behar du".

Lopez de Guereñuren ostean, Consultoría Leber Planificación e Ingeniería Aholkularitzako Presidenteak, Mikel Murgak, hartu zuen hitza. Ezin izan zuen Bilbon egon eta bideokonferentzia bidez egin zuen hitzaldia. Boston, Londres eta New York bezalako hirietako garraio sistemaz jardun zuen. Azalpena amaitzeko, "egun autoaren eta garraio publikoaren artean dagoen oreka-puntua murriztu" behar dela esan zuen.

Ondoren, Pöyry Infra AG-ren Latinoamerikako Plangintza Taldeko Burua, Stefan Gerber, Zuricheko garraio ereduaz mintzatu zen. Garraio publikoaren "muga fisiko eta mentalak gainditu behar dituela sinestarazi behar zaio bezeroari", azpimarratu zuen.

Atsedenaldi labur baten ondoren, Miquel Llevatek, COMSA Taldeko Nazioarteko Garraio eta Tren Negozioko Zuzendari Nagusiak, tren garraioaren liberalizazioaz eta merkantzia operadore berriez berba egin zuen. Bere hitzaldia bukatzeko, argi utzi nahi izan zuen "trenaren bezeroak" direla "liberalizazioaren benetako eragileak".

Iñaki Barrón, Nazioarteko Trenbideen Batasuneko (UIC) Abiadura Handiko eta Metro Bateko Zabalerako Trenbideen Zuzendaria eta Latinoamerikako Koordinatzailea, izan zen azken parte hartzailea. Abiadura Handiko lineen merkataritza ustiapenaz aritu zen, Japoniako, Alemaniako, Frantziako, Italiako eta Espainiako kasuak oinarri hartuta. Guztien errepasoa eginda, argi geratu zen ez dagoela "abiadura handiaren ikuskera bakar bat".

Inigo Palominok, EuskoTreneko Zuzendari Nagusiak, koordinatutako solasaldi batek eman zion amaiera jardunaldiari. Adituei galderak egin eta zalantzak argitzeko aukera izan zuten bertan bildutakoek.

Ekitaldiaren argazkiak ikusteko egin klik hemen.

© Eskubide guztiak erreserbatuta