Garraioa
Latinoamerikako aurreneko abiadura handiko trena eraikiko du Alstomek Argentinan
2008/05/08
Iragan apirilaren 29an, Cristina Fernandez Argentinako presidenteak eta Patrick Kronek, Frantziako Alstom enpresako zuzendariak, Argentinan Latinoamerikako lehenengo abiadura handiko trena egiteko hitzarmena sinatu zuten. Buenos Aires, Rosario eta Córdoba lotuko dituen proiektua aurrera eramateko 2.400 milioi euro beharko dira, eta Natixis banketxeak finantzatuko du.
Alstom, Isolux, Iecsa eta Emepa enpresek osatzen duten partzuergoa Buenos Aires eta Córdoba arteko 710 kilometroak eraikitzeaz eta tarte horretan elektrifikazio, seinaleztapen eta komunikazio lanak egiteaz arduratuko da, baita gurpildun materialaren horniketaz ere.
Tren-linea horrek hiru ordutan egingo du egun 14 ordu irauten duen Buenos Aires eta Córdoba arteko bidaia. 320 km/h-ko abiadura hartzeko gai izango diren bi solairuko zortzi trenek (509 lagun eraman ahal izango ditu bakoitzak) egingo dute ibilbide hori.
Bi zati izango ditu linearen eraikuntzak: Buenos Aires-Rosario eta Rosario-Córdoba. Aurreikuspenen arabera, behin onartuta, lau urte iraungo dute lanek.
Abiadura handiko trenaren proiektuak zuzeneko 5.000 lanpostu inguru sortuko dituela uste dute agintariek. Cristina Fernandez Argentinako presidentearen aburuz, ezinbestekoa da "berrehungarren urteurren honetan aurrera egitea eta Argentina eraikitzeko eta modernizatzeko baliabideak lortzen jarraitzea".
Argentinako Gobernuak abiadura handiko beste bi proiektu ditu esku artean: Buenos Aires eta Mar de Plata (hiriburutik 400 kilometro hegoaldera) artekoa eta Buenos Aires eta Mendoza (hiriburutik 1.000 kilometro mendebaldera) artekoa.