La Y vasca

Gaurkotasuna

Garraioa

Metroaren 3. linea eraikitzeko Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetza-hitzarmena sinatzeko baimena eman du Eusko Jaurlaritzak

2008/12/05

Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman dio Etxebarri eta Matiko lotuko dituen azpiegituraren eraikuntza eta finantziaziorako Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetza-hitzarmena sinatzeari. 153,5 milioi euroko inbertsioa izango du proiektuak, eta bi instituzioen artean erdibana ordainduko dute, bost urtetan banatuta.

Proiektuaren eraikuntza, idazketa eta zuzendaritza teknikoa Euskal Trenbide Sarearen (ETS) esku egongo da.

Metroaren 3. lineak 5 minuturo eskainiko du tren zerbitzua San Antonio (Etxebarri) eta Matiko (Bilbo) artean. Azpiegitura berriari esker, 71.000 pertsonak metro geltoki bat izango dute etxetik 10 minutu baino gutxiagora.

5.885 metro eta 7 geltoki izango ditu (San Antonio, Otxarkoaga, Txurdinaga, Zurbaranbarri, Alde Zaharra, Uribarri eta Matiko). Alde Zaharreko geltokian linea berriak gainerako biekin bat egingo du, eta bidaiariek beste tren bat hartu ahal izango dute nahi duten lekura iristeko. Bien bitartean, 3. lineako trenak Uribarrira eta Matikora jarraituko du.

Egitasmo berriak jasotzen duenez, egun martxan dagoen Zumalakarregiko geltokiaren eta Uribarrikoaren (3. linearen lehenengo trazadura proiektuan zegoen) ordez lur azpiko geltoki bakar bat egingo dute Uribarri auzoan.

Gainerakoan, San Antonio eta Txurdinaga arteko zatian ez da ia aldaketarik egongo hasierako proiektuarekin alderatuta. Etxebarriko geltokia aire librean eraikiko dute; Otxarkoagakoa eta Txurdinagakoa, berriz, lurpean egingo dituzte.

© Eskubide guztiak erreserbatuta