La Y vasca

Gaurkotasuna

Garraioa

12 enpresa Donostiako Metroa diseinatzeko lehian

2009/09/08

12 ingeniaritza-enpresak egin dituzte eskaintzak EuskoTrenen Donostialdeko Topoaren azterlana egiteko. Lurpeko lau geltoki izango ditu Donostian eta Hondarribiraino iritsiko da. Iragan abuztuaren 28an amaitu zen lizitazio epea eta, aurreikuspenen arabera, Eusko Jaurlaritzak hilabete bukaerarako aukeratuko du irabazlea. Esleipendunak 18 hilabete izango ditu proiektua aurkezteko. Aukeraketa horretan proposamenen alor teknikoa eta ingurumen-eragina baloratuko dituzte batik bat, baina baita eskariari, edukierari eta eskaintza ekonomikoari buruz teknikariek egin beharreko ikerketak ere.

Alderdi ekonomikoari dagokionez, lizitazioaren baldintzetan gehienez ere 2,6 milioiko kostua zehazten zen, eta 12 ingeniaritza-enpresek egindako eskaintzak zenbateko horretatik behera daude: 2,1 eta 2,4 milioiren artean, alegia.

Esleipendunaren proiektuak kontuan izan beharko du Donostian lur azpiko lau geltoki eraikitzeaz batera, Easo plazako geltokia kendu eta egun Anoeta eta Easo plazaren arteko zatia zeharkatzen duten trenbideak lurperatu behar direla. Horri esker, balio handiko gune libre bat berreskuratzeaz gain, EuskoTrenen linea Iruneraino luzatu ahal izango da eta Hondarribiraino iritsiko den adar bat eraikiko dute. Gainera, tren-aldaketak ekidingo dira, Eibar eta Donostia arteko linea eta Lasarte - Donostia - Hendaia linea Gipuzkoako hiriburuan lur azpitik igaroko den zati horren bitartez lotuta egongo baitira.

© Eskubide guztiak erreserbatuta