La Y vasca

Gaurkotasuna

Garraioa

Metro Bilbaoren 3. Lineako Txurdinaga - Alde Zaharra eta Uribarri lineak eraikitzen hasi dira

2010/02/10

Metro Bilbaoren Txurdinaga - Alde Zaharra eta Uribarri tarteen lehen harria jartzeko ekitaldia egin dute gaur Bilboko Gas Plazan. Bertan izan dira, besteak beste, Patxi Lopez lehendakaria, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, Iñaki Arriola Garraio sailburua eta Iñaki Azkuna Bilboko alkartea.

Txurdinaga - Alde Zaharra

1,5 kilometroko Txurdinaga - Alde Zaharra tarteko lanek 35,6 milioi euroko aurrekontua dute, eta 30 hilabeteko epea. Txurdinagan eraikiko duten geltokian hasten da eta Alde Zaharrera iritsi aurretik amaitzen da. Lurpetik joango da ia erabat, eta geltoki bat egingo dute Zurbaranbarrin. Bi sarbide izango ditu: Zumaia kalean eta Lezamako Trenbide Zaharreko bidean.

Uribarri

800 metroko Uribarri tartea, berriz, Alde Zaharreko geltokia igaro ostean hasten da eta Uribarri auzoari zerbitzua emango dion geltokiraino iristen da. Geltoki horrek lau sarbide izango ditu: Uribarri C zeharkalean, Eskoletako plazan, San Balentin Berriotxoa kalean eta Zumalakarregi inguruan. 27,5 milioi euroko aurrekontua dauka, eta kasu honetan 29 hilabete ditu esleipendunak lanak amaitzeko.

3. Linea

3. Lineak 5 minutuan behin Etxebarri eta Matiko auzoa lotuko ditu eta Bilbo iparraldeko auzoetan bizi diren 70.000 pertsonari baino gehiagori emango die zerbitzua. Iragan udan eman zitzaien hasiera linea hori eraikitzeko lanei Etxebarri - Txurdinaga tarteko obrekin. 3. Lineako tarterik luzeena da, 2,6 kilometrorekin. 64,3 milioi euroko aurrekontua dauka, eta lanak burutzeko epea 39 hilabetekoa da. Proiektu horrek barnean hartzen du Txurdinagako eta Otxarkoagako geltokien eraikuntza.

Gainera, Iñaki Arriolak adierazi du San Antonioko (Etxebarri) eta Matikoko geltokiak egiteko lanak lizitazio fasean daudela.

Alde Zaharreko geltokian bat egingo du 3. Lineak 1. eta 2. Lineekin. Norman Fosterrek diseinatuko du eta datozen hilabeteetan lizitatuko dute.

4. eta 5. Lineak

Halaber, Garraio sailburuak gogorarazi du Errekaldetik abiatuko den 4. Linearen, Galdakaora iritsiko den 5. Linearen eta Sarratuko geltoki intermodalaren proiektuen definizioan lanean ari direla.

© Eskubide guztiak erreserbatuta