Garraioa
Argi berdea eman dio Gobernu Kontseiluak Alta Velocidad Vitoria-Gasteizko Abiadura Handia S.A. sozietate anonimoa eratzeari
2010/10/29
Eusko Jaurlaritzari Alta Velocidad Vitoria-Gasteizko Abiadura Handia S.A. sozietate anonimoa sortu eta haren sozietate-partaidetzak erosteko baimena ematen dion dekretua onartu du Gobernu Kontseiluak. Hasiera batean, 600.000 euroko kapital sozialaren % 25 jarriko du Eusko Jaurlaritzak, 150.000 euro, alegia. Gainerakoa Sustapen Ministerioak eta ADIFek (% 50), Gasteizko Udalak (% 15) eta Arabako Foru Aldundiak (%10) ipiniko dute.
Gasteizko trenbide-sare nagusia birmoldatzeko eta horren ondorioz behar ez diren Estatuaren jabetzako trenbide-lurzoruak hirigintza aldetik eraldatzeko zereginak koordinatzea du xede.
Lankidetza-protokoloan jasotako lanak koordinatuko ditu. Egiteko horiek bi helburu nagusi dituzte: batetik, egungo trenbide-geltokiaren ordez bidaiarientzako beste bat egitea, garraiobideen artean intermodalitatea bermatzeko. Latinoamerika plazaren eta Arriagako parkearen ondoan egongo da. Bestetik, lur azpian geltoki berriari zerbitzua emango dion trenbidea eraikitzea, nazioarteko zabalera eta iberiarra bateratuko dituena, abiadura handiko trenentzat eta ohikoentzat, trenek Gasteiz - Bilbo - Donostia abiadura handiko linean eta Madril - Hendaia linean jarraipena izan dezaten.
Hori horrela, hirigintza aprobetxamendurako eta eremu hori erabat urbanizatzeko beharrezkoak diren hirigintza-kudeaketarako prozedurak koordinatu eta bultzatuko ditu.
Gainera, akordio zehatzen bitartez bazkideek agintzen dizkioten lanak burutuko ditu.
Halaber, operazioaren etapak eta balantze ekonomikoa zehaztuko ditu, eta kontuan izango du eskualdatzen diren Estatuko Administrazio Orokorraren jabetzako lurzoruen hirigintza-garapenaren ondorioz sozietateak lortzen dituen diru-baliabideak, lehenengo eta behin, lankidetza-protokoloaren eranskinean aurreikusi eta jasotako trenbideko lanak ordaintzeko eta sozietatearen funtzionamendu-gastuei eta jardueren finantza-kostuei aurre egiteko erabili behar direla; eta bigarrenik, libre geratzen diren lurrak antolatu eta urbanizatzeko zereginak finantzatzeko.