La Y vasca

Gaurkotasuna

Garraioa

Atlantikoko trenbide-korridorea sustatu eta garatzeko Eusko Jaurlaritzaren proiektua onartu dute

2011/11/17

Eusko Jaurlaritzaren CA-EFFIPLAT proiektua INTERREG Atlantiko aldearen programaren hirugarren eta azken deialdira aurkeztu zen, EGEFekin batera finantzatuta, garraio-sareen arteko interoperabilitatea eta jarraitutasuna, eta itsas, trenbide, aire eta errepideko garraioen arteko intermodalitatea sustatzeko.

Onarpen horrekin beste bultzada bat eman zaio korridore atlantikoa Europan barneko garraio-sareen barruan lehentasunezko 10 ardatzen artean sartzeari.

CA-EFFIPLAT proiektuak 1,4 milioi euroko aurrekontua du, eta Eusko Jaurlaritzak lideratutako nazioz gaindiko sare bat sortzea du helburu; sare hori 21 antolakundek osatuko dute. Tartean izango dira garraio-azpiegituren kudeaketarako administrazioak, eta trenbide-operadore publiko nahiz pribatuak, operadore logistikoak eta portuetakoak, eta guztien nahia da Atlantiko aldeko salgaien korridorean, Arku Atlantikoko portu eta plataforma logistikoekin elkar hartuta, trenbideko garraioa eta garraio intermodala hobetzea.

Zehatzago esanda, proiektuaren xedea da salgaien garraiorako trenbide-azpiegiturak garatu, planifikatu eta gauzatzea, portuekiko konexioak ahalbidetzeko azpiegiturak barne. Aldi berean, lehiakorrak eta eraginkorrak izango diren garraio intermodaleko zerbitzuak sustatzea aurreikusten da, batez ere trenbide eta itsasokoak, errepideko garraioaren osagarri baitira.

© Eskubide guztiak erreserbatuta