La Y vasca

Gaurkotasuna

Garraioa

Martxan da Bilboko tranbiaren Ospitalea - Casilla tartea

2012/04/25

Bilboko tranbiaren Ospitalea - Casilla tartea martxan da, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari atxikitako EuskoTren sozietate publikoak, hilaren 11tik egindako proba-fasea amaitu ondoren.

Obra Eusko Jaurlaritzak egin du, Red Ferroviaria Vasca - Euskal Trenbide Sarea (ETS) sozietate publikoaren bidez, Bilboko Udalarekin lankidetzan. Tarteak, 700 metroko luzera eta bi geltoki izango ditu. Tranbia Casillaraino luzatzeko lanak bi erakundeen artean finantzatu dituzte; % 65 Eusko Jaurlaritzak jarri du, eta gainerako % 35, Bilboko Udalak.

Tarte berri honekin, Basurtuko Ospitalearen ondoan dagoen geltokiari izena aldatuko zaio, eta aurrerantzean Ospitalea izango da. Bestalde, bi geltoki berri daude, bata Autonomia hiribidearen sarreran (Basurtu) eta bestea, Casilla plazaren parean (Casilla).

Tranbia galtzadaren erditik igaroko da Montevideo eta Autonomia hiribideetan barne, eta Bilbobus autobusen plataforma eta Basurtuko geltokia baliatuko ditu.

Bilboko tranbiaren zerbitzu erregularrak, bidaiari gehien izaten diren orduetan, 10 minututik behin eskainiko du zerbitzua Atxuri eta Casilla artean, hau da, lanegunetako puntako orduetan eta jaiegun ez diren larunbatetako arratsaldeetan. Hortik kanpo, 15 minututik behin. Gainera, ohiko zerbitzua indartzeko zerbitzu bereziak jarriko dira, Athletic-ek San Mamesen partida duenean, Bilboko Aste Nagusian eta San Tomas egunean.

© Eskubide guztiak erreserbatuta