La Y vasca

Gaurkotasuna

Garraioa

Donostialdeako Metroaren Herrera - Altza tarteko lanak hasi dira

2012/06/18

Donostialdeako Metroaren Herrera - Altza tarteko lanak hasi dira. Lehenengo harria jartzeko ekitaldia Larratxoko pasealekuko biribilgunean burutu da, Altzako anbulatorioaren aurrean. Izan ere, inguru horietan egongo da metroak bertan izango duen geltokira sartzeko ahoetako bat.

Horrekin, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako hiriburuko auzo jendetsu horretako biztanleen aspaldiko eskariari erantzun dio. Hau da, hiriburuaren erdialdearekin eta Gipuzkoako beste eskualde batzuekin tren bidezko lotura izatea.

Lehenengo harria jartzeko ekitaldian Patxi Lopez Lehendakariak hartu du parte, eta esan duenez, aurreikusiriko epeak betetzen badira, Altza 2015ean igoko da metrora. Bertan ere, Iñaki Arriola, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburua, egon da.

Altza - Herrera tartea

ETS erakunde publikoak duela gutxi esleitu zion Sacyr-Febide-Cavosa-Mariezcurrena-Zubieder ABEE-UTE-ari Herrera - Altza tartea. Eraikitzeko 31 hilabeteko epea izango dute, eta 34,5 milioi euroko aurrekontua du.

Tarte berriak 1.040 metroko luzera izango du, eta ibilbide osoa lur azpitik egingo du. Trenbideko saihesbideari hasiera emateko, egungo Herrerako geltokiaren luzapen zuzena egingo da. Ondoren, kurba hartuko du eskuinaldera, N-1 errepide zaharraren eta Adif-en trenbidearen azpitik, eta gero beste kurba bat, ezkerraldera, Felix Iranzo pasealekuaren azpian zuzen amaitzeko.

Puntu horretan egingo dute geltoki berria, 28 metroko sakoneran. Bi atari eta sarrerako bi kanoi izango ditu. Kanoiek Larratxoko pasealekura eta Arriberrira emango dute.

Geltokiak nasak izango ditu alboetan. Bertara iristeko, bi igogailu izango ditugu eta kanpoaldera joateko, hirugarren igogailu bat.

© Eskubide guztiak erreserbatuta