Proiektuaren bilakaera
10.000 pertsonak baino gehiagok ikusi dute 'Trenbidea, es la vía' erakusketa ibiltaria
2009/04/01
10.000 pertsonak baino gehiagok bisitatu dute 'Trenbidea es la vía' erakusketa ikusgai egon den 7 udalerrietan: Tolosan, Beasainen, Zumarragan, Ordizian, Zarautzen, Eibarren eta Azkoitian. Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailaren ekimen honi esker, herri horietako bizilagunek EAEn trena garatzeko egitasmoak ezagutu ahal izan dituzte.
Gipuzkoako hainbat udalerri bisitatu ditu 'Trenbidea, es la vía' erakusketak iragan udatik. Tolosan izan zen ikusgai lehenengo eta, ondoren, Goierriko herriak bisitatu zituen. Gero, lurralde historikoko gunerik jendetsuenetan izan zen, Eibarren eta Zarautzen, alegia. Apirilaren 1era (asteazkena) arte, Azkoitiko Insausti Jauregian egon da zabalik. Denbora gutxi barru emango dute jakitera datozen hilabeteetan non ikusi ahal izango dugun.
'Trenbidea, es la vía' erakusketaren barruan leku nabarmena izan du Euskal Y-ak, baina beste zenbait alorrek ere tarte zabala izan dute. Trenbide-sare berria eraikitzeko lanak egingo dituzten udalerrietan (Tolosa, Beasain, Ordizia eta Zumarraga) erakusketa bisitatu duten pertsonek ibilbidea eraikitzeko proiektuak zuzen-zuzenean ezagutu ahal izan dituzte. Herri horietan guztietan azpiegitura berriak oso eragin urria izango du, aurreikuspenen arabera ibilbidearen % 80-85 baino gehiago lurpetik igaroko baita. Zumarragaren kasuan, ibilbidea lur azpitik joango da osorik.
Halere, erakusketa ikusi dutenek Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailak trenbide-sare moderno eta eraginkorra lortzeko dituen egitasmo zehatzen berri jaso ahal izan dute. EuskoTren XXI Plana eta tranbiaren alorreko proiektu ugariak ere ekimen honen parte dira.
'Trenbidea, es la vía' erakusketarekin zerikusia duen informazio guztia www.yvasca.com webgunean jasota dago. Hemen klik eginda ikus dezakezu.