Proiektuaren bilakaera
Sustapen Ministerioak Lukuko tunela eraikitzeko lanak amaitu ditu
2009/12/21
Sustapen Ministerioak, Adifen bitartez, Euskal Trenbide Sare Berriak Araban, Arratzua-Ubarrundia - Legutio II tartean, Lukuko tunela eraikitzeko lanak bukatu zituen iragan abenduaren 18an. EAEko hiru hiriburuak lotuko dituen abiadura handiko linean zulatu duten lehen tunela da.
Lukuko tunela lurpeko pasabide ertaina da Euskal Y-aren egitasmoan jasotako gainerakoekin alderatuta. Ez da kilometro batera iristen (970 metroko luzera du; tunel artifizial eta ezpondaren arteko tarteek horietako 140 metro hartzen dituzte) eta 95 metro karratuko sekzioa du zulatuta, nazioarteko zabalera izango duen trenbide bikoitza hartzeko.
Tunela ohiko metodoak erabiliz zulatu dute, zulaketa eta leherketa kontrolatuak eginez, Austriako Metodo Berria baliatuz. Kasu honetan, zulaketa bi fasetan egin zuten. Lehenengo, goiko aldea zulatu zuten, tunelaren bi aldeak ireki arte. Gero, bigarren faseari ekin zioten, beheko aldea zulatzeari, alegia. Azkenik, tunela iragazgaizteko eta estaltzeko lanak egiten dituzte.
Arratzua-Ubarrundia - Legutio II tartea
Lukuko tunelaz gain, aparteko beste lan batzuk ere egingo dituzte Arratzua-Ubarrundia - Legutio II tartean: 208 metroko Miñaoko lotura, AP-1 autobidearen (Maltzaga - Urbina) azpiko pasabidea eta Rejalza ibaia zeharkatuko duen 139 metroko biaduktua, besteak beste.
5,2 kilometroko Arratzua-Ubarrundia - Legutio tarteko lanak 2006ko martxoaren 31n esleitu zituzten 34.282.325 eurorengatik.