La Y vasca

Home >Gaurkotasuna>Proiektuaren bilakaera

Gaurkotasuna

Proiektuaren bilakaera

Ermuko geltoki berria eraikitzeko lanak hasi dira

2012/07/02

Iñaki Arriola Sailburuak eta Carlos Totorika alkateak Bilbo - Donostia lineako Ermuko geltoki berria eraikitzeko lanei hasiera emateko lehen harria jartzeko ekitaldian hartu dute parte. Lan horri esker, une honetan eskailera eta igogailu bitartez lotuta dauden Valdespinako parkea eta N-634 errepidearen ondoan dagoen plaza bereizten dituen trenbide ezponda kendu ahal izango da. Etorkizunean, jende guztia joan ahal izango da aisiarako bi toki horien artean, denek erabiltzeko moduko behealdeko igarobideari esker.

Bidezubian egongo den geltoki altxatu berriaren eraikuntzaz gain, proiektuan Ermurako trenbide sarbideen hobekuntza ere aurreikusten du, egungo trazatua nabarmen hobetuko duen kilometro bateko tunelaren eta geltokitik oso gertu egongo den maniobrak egiteko zabalgunearen eraikuntzari esker. Lan horiek direla eta, Ermua - Eibar - Elgoibar tranbiaren maiztasuna hobetu ahal izango da.

Eusko Jaurlaritzak, ETS-ren bitartez, Tecsa-Campezo-Geotunel ABEE-UTE-ari esleitu dizkio aipatutako azpiegitura horren obra zibilaren burutzapen lanak. Lanak egiteko epea 30 hilabetekoa izango da, eta aurrekontua, 24,4 milioi eurokoa izango da.

Ermuko proiektua

Ermuko zatirako egokitu den trenbide bikoitzeko trazatu berriak 1.500 metro ditu guztira. Hasiera Eitzaga inguruan dago, eta ia oso-osorik tunel barruko trazatu saihesbidean doa (1.025 metroko luzerakoa), Ermuko sarreraraino. Bertan N-634 errepidea gurutzatuko du, 40 metroko bide-zubiaren bidez, inguruan egongo den geltoki berrira heldu aurretik. Horren ondoren berriro ere egungo trenbidearekin egingo du bat, Izelaieta kaleko behealdeko igarobidearen aurretik. Jarduketa horri esker, lur azpian egongo den saihesbidean dagoen Oletxeko trenbide pasagunea kendu ahal izango da.

Ermuko geltoki berria, egungo geltokiaren ondoan egongo den azpialdeko igarobidearen ondoan egongo da, eta Valdespinako parkearen eta N-634 errepidearen ondoan dagoen plazaren arteko zeharkako lotura ezarriko du. Geltokiaren ataria trenbidearen plataformaren azpian egongo da, sarbidea kaleko kotatik egingo da, behealdeko mailan, eta horrek bat egingo du zabalera aldakorra eta 80 metroko luzera izango duen erdiko nasarekin. Bertara eskailera finkoaren eta igogailuaren bitartez heldu ahal izango da.

© Eskubide guztiak erreserbatuta