NONDIK IGAROKO DA?



BIZKAIA - Bilbo


Abiadura handiko trenbidea txertatzea eta geltoki berria Bilbon (Abando). Abiadura handiko trenbidea La Peña eta Abando arteko trenbide bikoitzeko tunel berri baten bitartez lotuko da Abandorekin (2,1 kilometro luze): Basauri-La Peña zatiaren amaieratik abiatuko da, Cantalojas tunela azpitik, egungo trenbidearen azpitik, gurutzatuta iritsiko da eta geltoki berriko pantailen gunera sartuko da.

Abandoko geltoki berriaren diseinuan segurtasun eta funtzionaltasun irizpideak nabarmentzen dira beste gauza guztien gainetik. Horrez gain, zerbitzu ugari eskainiko dizkiete erabiltzaileei. Adostutako soluzioak geltoki intermodal integratua aurreikusten du, Bilboko Metroarekin lotura zuzena izango duena, autobusetarako 13 dartsena eta baita 550 plaza izango dituen aparkalekua eta taxietarako gunea ere.

Soluzioak espazio zabalak izango dituen geltokia aurreikusten du, erabiltzaileentzako erosotasun handia ekarriko duen diseinuarekin eta, horrez gain, trenaren erabilera osatuko duten hainbat zerbitzu osagarrirako lekua ere izango du.

Geltoki berriak hiriaren zabalgunearekin eta alde zaharrarekin erabateko integraziorako eta hiri eraldaketarako aukera emango du. Geltokirako sarbideak Plaza Biribilean, Hurtado de Amezagan, Jose Maria Olabarri kalean eta Bailen kalean egongo dira. Aldaketa horiek guztiak direla eta, ingurua askoz ere iragazkorragoa izango da.

Abandoko geltoki berrian une honetan Bilbora heltzen diren aldirietako eta ibilbide luzeko zerbitzu guztiak elkartuko dira, etorkizunean helduko diren Abiadura Handiko zerbitzuez gain.

Geltokia, 80x25 m inguruko dimentsioak izango dituen sekzio laukizuzeneko elementu gisa egituratuko da, eta erabat lur azpian egongo da, Adifen egungo trenbide zabalgune auxiliarraren azpian. Trenbide horiek guztiz desagertuko dira obrak amaitu ondoren, erabateko iragazkortasunerako aukera emanez. Trenbidea lur azpian sartzeko lanek Cantalojas ingurura jarraituko dute. Leku horretan ere erabat estalita geratuko dira egungo trenbideak.

Funtzionamendu egokirako, 2 maila izango dituen geltokia diseinatu da:

-1 mailan aldirietako zerbitzuak egongo dira, Bilbo-Santurtzi eta Bilbo-Muskiz lineak, Urduñara doan aldirietako linea eta gaur egungo metro bateko zabalerako Balmasedako linea.

-2 mailan, Abiadura Handiko nazioarteko zabalerako trenbideei dagozkien nasak egongo dira.

Tartean, entreplanta bat txertatzen da, bertan ibilbide luzeko/Abiadura Handiko geltokira sartzeko ataria egongo da.

Sarrera Abandoko egungo geltokiaren ataritik egingo da, Hurtado de Amezaga kalearen kotan, neurri handiko hall baten bitartez. Bertan egongo dira aldirietako eta Abiadura Handiko atariak. Espazio hori, Abandoko egungo geltokiaren metalezko saretazko markesinaren azpian egongo da. Markesina hori azpiegitura berrian integratuko da.

Etorkizuneko hiri antolamenduaren ikuspegitik, soluzioak, inbertsioaren finantzaketari lagundu ahal izango dioten itzulketen aukerak eskaintzen ditu. Halaber, proiektuak behin behineko egoerak ere aurreikusten ditu, izan ere, une oro eutsiko zaie tren zerbitzuei, horrela eragin handiagoak saihestuz.

3D_abando_mod
planta_general_estacionBilbao_mod
 
planos_abando_planoak_estacionBilbao-1
planos_abando_planoak_estacionBilbao-2
 
planos_abando_planoak_estacionBilbao-5
planos_abando_planoak_estacionBilbao-6

GIPUZKOA - Donostia-San Sebastián


Geltoki berriaren proiektuak egungo eraikina handitzea aurreikusten du. Programak eskatzen dituen azalera guztiak beheko solairuan ezartzeko zailtasunak, jatorrizko eraikina altueran handitzera behartzen du. 600 m2 gehiagoko bi solairu eraikitzea planteatzen da, “Norteko Geltokiaren” jatorrizko eraikina baino atzerago, bertan dagoen hoteleko eraikinarekin eta abiadura handira sartzeko eraikin berriarekin bat egingo dutenak. Hotelaren fatxada ere multzoan integratzen da. Eraikin horren akabera, Tabakalerako eraikinaren goialdean dagoen kuboaren antzekoa da eta, ondorioz, jarraikortasun sentsazioa lortzen da eta multzoaren interrelazioa bilatzen da, kanpoan izango duen metalezko estaldurarekin.

Beste berrikuntza bat, ataria handitzea planteatzen dela da, une honetan geltoki zaharreko sarrerako markesinaren azpian dagoen espazioa hartuz, beirazko horma-gortina aurreikusten baita.

Hirigintza arloko mugak direla eta, geltokia ezin da osatu trenbideen estalkiaren gainean eta, ondorioz, geltokia beheko solairuan (sarrerako kalearen kotan) eta sotoan eraikitzea proposatzen da. Lehenengo solairuan abiadura handiko atarirako sarbidea egongo litzateke, eta sotoko solairuan atari hori eta abiadura handiko nasetarako sarbidea, eta baita segurtasun kontrolak ere (atarien eta itxaroteko guneen azalera osoa, 2.612 m2).

Abiadura handiko geltoki berriak kaleko kotan duen kokalekuak, aldirietako egungo geltokiarekin eta haren atariarekin lotura zuzena izateko aukera ematen du. Abiadura handiko atarian sor daitekeen soto efektua kentzeko helburuarekin, argi naturala sartzeko eta bi solairuen arteko ikus-konexio zuzenerako aukera ematen duen espazio bikoitza edo mezzanina proiektatu da. 612 m2 lokal egongo dira bezeroentzako oinarrizko zerbitzuetarako, 139 m2 komunetarako.

788 m2ko estalkiaren gaineko plazan, urbanizazio eta argiztapen elementu berriak sartzen dira. Toki horretatik Tabakalerara ere sartu ahal izango da etorkizunean. Horrela, hegoaldean gune estalia proiektatu da, pergola edo markesina modukoa, eraikinaren ikuspegi nagusian eraginik izango ez duena.

Proiektuak azpialdeko 3 igarobide aurreikusten ditu. Horietako batek Donostia erdialdea Egia auzoarekin lotzen du gaur egun, eta azpialdeko beste bi igarobide distantzia ertain-luzeko (UIC) eta aldirietako nasetara sartzeko erabiliko dira.

Ustiapenari dagokionez, distantzia ertaineko (Intercity) eta luzeko (UIC zabalera) trafikoek erdiko 3 nasa izango dituzte. Aldirietako trafikoek, berriz, zabalera mistoarekin (hirugarren erraila) planteatzen diren alboetako bi trenbideak hartuko dituzte (1 eta 6).

Garraioaren erabilera eta intermodalitatea sustatzeko helburuarekin, proposamenak, Tabakalerako eraikineko instalazioen eta Egia aldean dagoen aldirietako nasaren arteko konexio zuzena planteatzen du.

Proiektu berriari esker autobus terminal berrira eta 400 ibilgailu jasotzeko ahalmena duten bi aparkaleku solairuetara heldu ahal izango da. Horrela, intermodalitatea hobetzea eta toki horretan bat egiten duten garraio modu desberdinetako bidaiarien ibilbideak murriztea lortzen da.


ARABA - Vitoria-Gasteiz


Abiadura handiaren Vitoria-Gasteizko sarbideak egungo Madril-Hendaia linea konbentzionalak hiritik pasatzean eratzen duen igarobidea baliatuko du, hirian zehar lur azpitik joateko, Pedro Asua kalearen eta Salburuako Bulebarraren artean. 3.610 metro luze den lur azpiko tarteak gainazalean 90.000 metro karratu utziko ditu libre, hiri erabileretarako.

Jarduketaren hasiera Jundizko zentro logistikoaren ondoan egongo da, eta amaiera Euskal Y-aren hasieran, Arrazua/Ubarrundia-Legutiano tartean, hain zuzen ere. Hori dela eta, 14,3 kilometroko luzera izango du. Horrez gain, azterlanaren barruan Iruñerako abiadura handiko linearekin Arkauten egingo den lotunea ere jasotzen da.

Abiadura handiaren Gasteizko sarbidea, zabalera estandarreko (UIC) bi trenbiderekin bidaiarientzat eta trenbide misto batekin (hiru harikoa) merkantzien trafikorako eta distantzia ertainerako, proiektatu da. Lehenengo 3 kilometroetan hiru trenbideak paraleloan joango dira, aire zabalean. Pedro Asua kalearen inguruan linea 1.126 metroko tunel faltsu batean sartuko da, geltokira heltzeko.

Epeen aurreikuspenaren arabera, aurten informazio azterlana onetsi eta jende aurrean aurkeztuko da, eraikuntza proiektuen idazketa lizitatzen den bitartean, 2020an amaitzeko. Obrak egiteko aurreikusten den epea 36 hilabete ingurukoa da. Jarduketaren aurrekontu osoa 724 milioi eurokoa da, BEZ barne. Horietatik 434 geltokiaren lur azpiko tarteari dagozkio, 206 Arkauteko lotuneari, 41 Burgos-Gasteiz linearekin egin behar den konexioari eta 42 proiektuen idazketari eta obren zuzendaritzari.

Eraikuntzaren ezaugarriak

Eraikiko den geltokia, lur azpian egongo den gainerako tartea bezala, pantailen babesean egindako hondeaketa bitartez egikarituko da (cut&cover izenez ezagutzen den eraikuntza sistemaren bitartez) eta 17 metro ingurura egongo da kaleko kotaren azpitik. Merkantzien trafikoak nasen gunetik fisikoki bereizita egongo dira.

Geltokia gainditu ondoren, trazatuak 1.460 metroko tunel faltsuan jarraituko du, Salburuako Bulebarraren azpitik igaro arte. Ondoren, trenbidea gainazalera irtengo da, gorako arrapalan, Errekaleor errekaren gainetik bide-zubi bitartez gurutzatu arte.

Obrak egiten ari diren bitartean trenbideko trafikoei eutsiko zaie, eta horrek garestitu egingo du operazioaren kostua. Hartutako soluzioaren barruan konexioa ezarriko da Jundizeko portu lehorrarekin eta etorkizunean eraikiko den trenbideko autopistarekin, eta, gainera, 750 metroko bazterbidea eraikiko da, zabalera estandarreko merkantzien trenentzat.

Geltoki berriaren xehetasunak

Geltoki berria Dato kaleko egungo eraikinaren moldaketa izango da. Kanpotik erabat kristalezkoa izango den bolumen berria gehituko zaio. Horrek 3.140 metro karratuko azalera gehituko du, eta lur azpiko bi solairu izango ditu.

Instalazioek bi sarbide izango dituzte, egungoa eta Unibertsitateko pasealekutik egongo den beste bat. Higiezinak hainbat zerbitzu jasoko ditu, itxaroteko gunea, sarbideen kontrola, salmentarako eta herritarren arretarako gunea eta baita komun publikoak eta merkataritza lokalak ere.

Minus bat solairura eskailera mekaniko, eskailera finko eta igogailu bitartez helduko da, eta bertan egongo dira abiadura handiko ontziratze aretoa eta aldirietarako sarbidea. Solairu horretan 400 plazako aparkalekua dago aurreikusita.

Minus bi mailan hiru nasa egongo dira (bi erdian eta bat alde batean) eta zabalera estandarreko bost trenbide abiadura handirako, eta baita beste nasa bat ere, aldirietarako trenbide batekin, zabalera mistoko (hiru hari) aldirietako trenbidetik bereizita.

Aukera gune berria

Trenbideak hartzen duen hiru kilometro eta erdi baino gehiagoko tartea lur azpian sartzeak hiri erabileretarako libre utziko ditu gainazaleko 90.000 metro karratu, horietatik 44.000 geltokiaren ingurunean. Horrela, gurpil gaineko trafikorako ahalmen handiko ekialde-mendebalde luzexkako beste bide bat eraikitzea planteatzen da, bi errailekin noranzko bakoitzean, Gaztelako Atetik abiatuta Carmelo Bernaola Pasealekuaren hegoaldera lurgainetik joango dena, egungo trenbide igarobidetik, 200 metrotan. Musikaren Pasealekuko glorietan bidea lur azpian sartuko da, eta San Kristobal kalearen azpitik igaro eta gero berriro ere azaleratu egingo da.

Gaur egun lur azpian edo trenbide gainean dauden zeharkako kaleak gainazalera irtengo dira (Senda pasealekua, San Antonio, Foruak, Errioxa eta San Kristobal), trenbidearen trintxera desagertu egingo da eta. Halaber, Unibertsitateko pasealekuan egokitzapen lanak egitean, tranbiaren geralekua egokitu ahal izango da geltokiko eraikin berriaren ondoan, eta horrek intermodalitatea erraztuko du.

Estacion_Gasteiz_1
Estacion_Gasteiz_3
 
Estacion_Gasteiz_2
Estacion_Gasteiz_4
 
Estacion_Gasteiz_5
Estacion_Gasteiz_6